27 de des. 2011

Navarra. Castillos que defendieron el Reino. Los castillos de Sancho III, el Mayor en Alto Aragon, Sobrarbe y Ribagorza

Iñaki Sagredo

Iñaki Sagredo historialariak Goi Aragoi, Sobrarbe eta Ribagorza eremuetako Antso III.aren erregealdiko gaztelu nafarrak aztertu ditu, Nafarroako erreinuko gazteluei buruzko atera berri duen bere bigarren lanean.


Navarra. Castillos que defendieron el Reino. Los castillos de Sancho III, el Mayor en Alto Aragon, Sobrarbe y Ribagorza (Nafarroa. Erreinua defendatu zuten gazteluak. Antso III.aren gazteluak, Goi Aragoin, Sobrarben eta Ribagorzan) Nafarroako gazteluei buruzko bigarren liburukia aurkeztu berri du Iñaki Sagredo historialariak (Irun, 1967). Joan den urtean ateratako aurreko liburukian, batez ere Nafarroa eta bere mugen inguruko eremuetako gazteluak aztertu zituen. Orain, berriz, Antso III.a erregearen garaira salto egiten du egileak, eta historian kokatzeko zenbait datu eman ondoren, errege horren Goi Aragoi, Sobrarbe eta Ribagorza eskualdetako gazteluen nondik norakoak aztertu ditu.

Antso III.a Gartzez Nagusia (1004-1035) Nafarroako Historiako errege garrantzitsuenetakoa izan da, hainbat historialarien iritziz. Baina, Nafarroako erreinuko errege handiena izan zenez eta haren erregealdian baskoien eremu guztiak batuta egon zirenez, bigarren plano batean utzi izan dute historialari espainiarrek.

Nafarroako errege horren erregealdiaren hasierako urteurrena izan denez, hainbat erakusketa, liburu eta hitzaldi izan dira azken urteetan Nafarroan. Baina, egindako lan berri horietan, hutsuneak oraindik badaudela esan du Sagredok. «Antso III.aren erreinuaren lurralde antolaketa eta defentsa nolakoa izan zen gehiago argitzeko balio du nire lanak».

Bestetik, Nafarroako erreinuak Aragoiko historian parte-hartze garrantzitsua izan zuela, eta egungo agintariek horren berri ezer gutxi esaten dutela salatu du Sagredok. «Aragoin barrena barreiatuta dauden nafarrek egindako gazteluetara joan naiz, eta han dituzten informazio paneletan, turismo liburuxketan eta jartzen dituzten dokumentaletan Nafarroako erreinuari buruzko aipamenak eta datuak sistematikoki isildu dituzte. Liburua nafar eta aragoitarren eragin eta harreman estu eta kultural hori argitzen saiatzen da». Horretan, Ana Telletxea euskal filologoak eginiko toponimiari buruzko hitzaurreak asko laguntzen du.

Horrez gain, liburua turismo gida gisa erabiltzeko aproposa dela aipatu du Sagredo historialariak. Historialarientzat baino gehiago publiko orokorrarentzat dela ere uste du.»Liburua erraz irakurtzeko egina dago, eta horretan argazkiek asko laguntzen dute. Gainera, Goi Aragoi, Sobrarbe eta Ribagorzako gazteluak oso ikusgarriak dira, eta inguruko paisaiak are gehiago».

Nafarroarekin alderatuta, Aragoin gaztelu gehienak oraindik zutik daudela nabarmendu du egileak. «XVI. mendeko konkista pairatu ez zutenez, Aragoiko gaztelu gehienak nahiko egoera onean daude, ia-ia zutik. Batzuk, gainera, zaharberritu dituzte, eta oso ongi daude».



ANTSO III.AREN BABES LERROA. Nafarroako gaur egungo probintziaren gainean agintzeaz gain (Tuterako eskualdea izan ezik, musulmanen eskuetan baitzegoen), Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Gaztelako Konderrian, Errioxan, Goi Aragoin, Sobrarben eta Ribargorzan ere agindu zuen Antso III.ak. Haren erregealdia laburra izan zen, eta are laburragoa berak utzitako erreinu handia.

Nafar erregeak lau seme izan zituen, eta bera hiltzean haien artean borrokan hasi ziren. Ondorioz, erreinua erabat zatikatua gelditu zen, eta Nafarroako erreinuaren urte onenak amaitu ziren. Nafarroako errege leinutik sortutako erreinuek, Gaztela eta Aragoi, Nafarroakoa irentsi zuten, bost mende geroago.

Antso III.ak herentziaz jaso zuen Goi Aragoiko konderria, baina haren erreinaldia hasi zenean, Sobrarbe eta Ribagorza Nafarroako erreinutik kanpo zeuden. Diplomazia eta indarraren mehatxua erabilita, bi lurraldeen jabe egin zen. Horrela, bere erreinua, egungo Nafarroatik hasita, Herrialde Katalanetaraino hedatu zuen.

Eremu osoa Nafarroaren eskuetan jartzean, mendebaldetik ekialdera defentsarako gaztelu lerro bat eraikitzea agindu zuen Nafarroako erregeak, hiru eskualdeak musulmanen erasoetatik babesteko. Antso III.ak konkistatu berri zuen eremua kontrolpean eta salbu eduki nahi baitzuen, eta Erdi Aroan hori gazteluekin lortzen zen.

Horrela, gaztelu sare bat eratuz joan ziren. Hiru eskualdeak haranak direnez, arroen ahoetan eraiki zituzten gaztelu garrantzitsuenak musulmandar gudarosteen sartualdiak eragozteko. Eremuaren defentsa ziurtatzeko, zortzi gaztelu eraiki zituzten mendebaldetik ekialdera: Sos, Biel, Murillo eta Loarre (Aragoi), Boltaña eta Abizanda (Sobrarbe) eta Perarrua eta Roda (Ribagorza). Aipatutako horiek aparte, bigarren mailako gotorleku guneak ere eraiki zituzten. Mendebaldetik ekialdera eremua osoa eskualde txikiagotan banatu du Sagredok, eta 29 gaztelu aztertu ditu liburuan. Aurreko liburukian bezala, lan metodologia berbera erabili du. Batetik, gaztelua egun nola dagoen ikusteko, hainbat argazki atera ditu, eta bestetik, agiritegi ugari arakatu ditu, gazteluek historian izan duten pisua aztertzeko.

Argazkietan, ikusgarrienak airetik ateratakoak dira; Sagredok argazki horiek ateratzeko autogiro batetik atera ditu. Baina, airetik ateratakoak aparte, egileak lurretik eta gazteluen barnealdetik ere argazki asko atera ditu. Horrela, gazteluaren alde guztiak agerian utzi ditu.



LOARRE IKUSGARRIENA. Aztertu dituen 29 gazteluetatik, batzuk oso hondatuak daude denboraren poderioz. Baina, badira beste batzuk nahiko ongi mantendu direnak. Horien artean, Loarre, Sos, Biel, Ainsa, Abizanda eta Muro de Roda dira aipatzekoak. Ezbairik gabe, Loarrekoa da ikusgarriena eta handiena.

Loarre Antso III.aren aginduz eraiki zuten, eta Europako gaztelu erromantikoen artean adibide garbiena dela uste dute historialariek. Musulmanek hiru gaztelu zituzten eskualdean, eta mehatxu horri aurre egiteko, gaztelu sendoa eraiki zuten nafarrek. Hasierako gaztelua harkaitzaren gainean goratu zuten, baina toki estrategikoa zenez, erreforma gehiago egin zizkioten, egun duen itxura ikusgarria hartu arte. XIII. mendean, adibidez, gazteluaren inguruko harresia egin zuten.

Hainbat filmetan ere atera izan da Loarreko gaztelua. Duela urte batzuk, Ridley Scott zinemagile iparramerikarraren Kingdom of heaven gurutzadetan girotutako filmeko hasiera eta bukaerako eszenak Loarreko gazteluan eta bere inguruan grabatu zituzten.

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada