27 de des. 2011

IRUNBERRI



Historialaria

Irunberri Nafarroa Garaiko hiri eder bat da, irakurle maitea, erdaraz Lumbier deitu ohi dena. Euskal Herriko ekialdean dago kokaturik. Iruñetik ekialderantz abiatuz gero, Elo (Monreal), Idotzin, Ibargoiti igaro, Loiti portu zoragarria jaitsi eta ezkerretarat kausituko duzu.

Bertatik iparralderantz jotzen baduzu, Zaraitzu ibarra hasi eta, emeki-emeki, bidean goiti, kilometro andana egin ondoren Irati oihaneraino iritsiko zara, tartean Domeñu, Nabaskoze edo Otsagabia moduko herriak bisitatzekotz.

Irunberritik ekialderantz abiatuz gero, aldiz, Ledea (Liédena), Zangoza (Sangüesa), Esa (Yesa), Esaberri (Javier), Lexuri (Leyre), Aragoiko mugak eta Erronkaribarreko hegoaldeko ateak topatuko dituzu... Badakizu, gipuzkoar anaia, abenduaren hasieran edo berriz ere erabiliko duzun eskiatzeko errepideaz ari naiz, jada Jakarainoko autobide bilakatzen ari direna.

Irunberritik hegoalderantz, hondarrean, Oibar (Aibar) inguruak zabalduko zaizkizu, Bizkaia eta Zare (Sada), Uxue mendi erraldoiaren magalean Galipentzu (Gallipienzo), Kaseda eta, zergatik ez, Zarrakaztelu (Carcastillo) nahiz Bardearaino hedatzen ziren eskualde aberatsak.

Garai batean aipatu guztia eta haratago, Aragoiko hamaika ibar lekuko, euskaraz bizi zen. Egun, haatik, eta ikastolak nahiz euskaltegien lana hor bada ere, Gipuzkoa baino handiagoa den lurralde hau erdara hutsez bizi da.

Zergatik?

Zergatik ziren euskaldunak eta orain erdaldunak? Bon, kar-kar, bai, badakit, nahikoa galdera inozoa dugu. Sasijakintsu orok, makina bat abertzalek barne, zera diote: «Euskara galdu zen». Bai, zera! Hizkuntza bat ez da galtzen. Eni, noizbait, giltzak galdu zaizkit, baina etxetik ateratzen naizenean inoiz ez dut honelako burutazioa egin: «Aiba, euskara galdu zait!».

Hizkuntza bat ez da galtzen. Euskara ez da galtzen. Hizkuntza bat kentzen dizute, euskara kentzen dizute. Bortxaz. Errepresioz. Kolpeka, debekuz, goi mailako erabakiak harturik, etengabe, mendez mende. Mespretxuz, gutxiesten, torturatzen, zokoratzen, odolusten, txirotzen, kanporarazten, gezurretan aritzen, gerrak antolatzen, armen bidez erailtzen...

Horregatik, irakurle laztana, Nafarroa Garaiko, Aragoiko, Euskal Herriko Ekialdea euskalduna zen, eta orain erdalduna da. Bai hizkuntzaz, bai kontzientziaz.

Ez denak, noski...

Azalpenak

Milaka irakasle, maisu, katedradun, akademiko, poltronero eta bertzek honako azalpena eskaini dute hondar mendeotan gertaturikoaren azaltzekotz: «Nafarroako Ekialdean barbaroak euskaraz bizi ziren eta kostata lortu genuen zibilizazioa bertan txertatzea. Lehen herri handietan, monasterio nahiz elizen lanari esker, eta gero, bai hirietatik herrietarantz bai Aragoi nahiz Bardenatik Auñamendirantz (Pirinioak arte) erdarari loturiko modernitatea, progresoa, kultura, etorkizuna eta benetako gizalegea, bizilegea era ezin naturalagoan, maitasunez eta dohainik, euskal barbaroak Mendebaldeko Zibilizazioan sartu ahal izan genituen. Uf, kostata, bai, lana oraintxe amaitu berri baitugu, XX. mendean».

Errealitatea, baina, bertzelakoa da. Duela bi mila urte biziki populaturik zegoen inguru hori, erromatar aldian hamaika hiritxo, herri, etxalde eta bertze aurkitu baitute arkeologoek. Ez zen edozein inguru, ezta pentsatu ere, guztiz «erromatarturik» agertzen baita. Eta udan agertu da horietako opari bat, Irunberriko industrialde berria eraikitzen ari zirela: «Datan de los siglos I al V. Se han desenterrado muros de 7 estancias, una calle empedrada, hoyos para almacenaje y 2 o 3 hornos en los que se fabricaría cerámica. El asentamiento se desarrollaría hacia el Este (bajo la carretera) y el Oeste (bajo los terrenos del futuro polígono). Los restos que se han encontrado ocupan una zona de 13x100 metros».

Hots, euskaldunak ziren, baina ez ziren kobazuloetan bizi, Europako Mediterraneo aldea bizi zen moduan baizik. Hirigintza, industria eta progreso betean bizi ziren. Eta euskaldunak ziren.

Beranduago, 1512ko konkista militarraren garaian, Irunberri defendatzen zuten nafar soldaduek kanoiak zituzten. Irunberrik artillería zuen. Eta euskaldunak ziren.

Ehun urte beranduago, XVII. mendean epaiketa bat burutu zen, Irunberrin apaiza izaitekotz euskaraz jakin behar ote zen zehaztu nahian. Honatx euskalduna zen baina erdaltzale amorratua zen apaiz baten testigantza, nik laburbildurik: «La villa de Lumbier está poblada por artesanos, y es la más vasca de las villas del país. En la villa de Lumbier, salvo los curas, monjas, escribanos y notarios, las tres cuartas partes o más de los vecinos no son capaces de entender palabra en castellano, pero si por ello dispusiéramos que los sacerdotes tuvieran que saber su lengua, lo mismo deberíamos hacer en Olite, Villafranca (Alesbes, Alesotz, Bardenan bertan den herria) y en Sos que es del Reino de Aragón».

Industriaz bizi ziren... eta ez zekiten erdaraz!

Baina eta orain, Nafarroa Garaiko Ekialdea populaziorik gabe geratzen ari denean, zaharkiturik, demografikoki gero eta ahulago bihurtzen ari direnean, industriarik gabe, zerbitzurik gabe, gazterik gabe, umerik gabe, milurtetako nekazaritza emankor sendoa ere bazterturik, orain erdaraz bertzerik ez dakite!

Non da «progresoa», non barbaroak, non euskara eta euskal kulturari loturiko balizko «gibelerapena, atzerapena»? Mila aldiz, betiko madarikatuak genozidio hau burutu dutenak!

Behin, grabazioa bat egiteko asmoz, oraindik euskaraz hitz egiteko gai ziren adineko emakume batzuk bildu zituzten etxe batean. Zaraitzu ibarrekoak ziren. Bata Otsagabikoa, bertzea Ezkarozekoa, Espartzakoa, horrela. Galdera bat egin zieten: «Non galdu zen euskara lehendabizi, Zaraitzuko zein herritan?». Eta grabazioan emakumeen arteko solasaldia entzuten ahal da. Hau duzu, irakurle, une horretan bertan, galdera entzun bezain laster, horietako emakume batek bertze emakumeei erran zien lehen gauza: «¿Cuál es el primer pueblo en el que se instalaron los carabineros?». Nahikoa eta sobera.

Heroiak

Agur eta ohore, baina, Irunberriko ikastola bertako ikastetxerik garrantzitsuen bihurtu dutenei. Irunberriko ume, haur, gazte gehien-gehienak ikastolan dira. Berdin dio gurasoek zer bozkatzen duten. Gehienek, UPN. Baina datorren belaunaldia euskalduna izanen da hein handi batean, Zumalakarregiren garaitik gertatzen ez zena.

Hor da jende anitzek egin duen ezinbertzeko lana, dena jada galdurik zelarik, ilunpetan baino gau ezin beltzagoan bizi ginela. Denak ezin aipa, batzuk behintzat bai: Nora Uribetxeberria, Txomin Huarte, Juan Ramon Ollo, Agurtzane Jimenez...

Haien izenak monumentuetan ez, haiek ez bailukete horrelakorik nahiko, baina noizko «Irunberriko Ikastola» izeneko karrika, kale, etorbide, gure hirietan?

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada